MAIALEN LUJANBIO

Otsailaren 27a. Maialen Lujanbio. Puntuari bat-batean erantzuten hitz-lauz.

Maialen Lujanbiok bere bertsogintzaren bilakaera eta ezaugarriak era zehatz eta erakargarrian azaldu zituen Floreagako On Bosco aretoan, Urola bailaran bertsogintzan eta euskalgintzan erreferentea den Laxaro Azkuneren galderei edo “puntuei” erantzunez.

XXIV. Floreagako Euskal Kultur Jardunaldien lehen saioan, berrogeita hamar lagun inguru bildu ziren eta, ia ordu eta erdiz, Maialenen azalpenez gozatzeko aukera izan zuten.

Hasieran, Laxarok Maialenen curriculuma zehaztu zuen, bertsogintzan batez ere, umetako saioetatik 2009ko Txapelketa Nagusian txapelduna izan zen arte, baina baita Maialenen sorkuntzaren beste alor batzuk ere aipatu zituen: kantu askoren letra egilea da, Berria hasi berrian iritzi-emailea, lehen “Ornitorrinkus” eta orain “Txori Mugariak” Ikuskizunaren arduraduna, …

Maialen hamar edo hamaika urterekin hasi zen bertsoez interesatzen, Hernaniko Urumea ikastolan, lagun artean, bertso zaharrak eta kantua gustukoak ziren giroan. Etxean aurrekaririk izan gabe, bertsoak jolas modura eta lagun arteko giro onean ezagutu zituen. Bertso eskolan izena eman zuen, lagun batzuekin batera. Berehala hasi zen nabarmentzen eskola arteko txapelketetan.

Lehen plaza Hondarribian egin zuen, martxoaren 8an, Andoni Egaña, Peña eta Kristina Mardarasekin batera. Artean hamabost urte zituen. Plazan kantatzeak ematen zion kezka azaltzean, ikasgai ona jaso zuen: zezenari adarretatik heldu …

Bertsolari gazte batzuk (Estitxu Arozena, Jon Maia, Igor Elortza, Unai Elorriaga, Irazu,…) segituan plazetan hasi ziren, ia behartuta, aurrera bultzatuta. Garai hartan bertsozaleak oro har ez zeuden ohituta gazteak, are gutxiago neska gazteak, kantuan entzutera. Orduan Maialenek ez zion garrantzi handiegirik ematen neskei buruz egiten ziren komentarioei. Geroago eta orain askoz kontzientzia garbiagoz ikusten du nolako bereizkeria egiten zen. Kantatzen aritzeak berekin ekarri zuen pentsatzea eta mundu ikuskera bat osatzea … Belaunaldien harreman aberatsa sortu zen bertsolarien artean, elkarrekin asko hitz eginez, eta guztiak pixka bat besteetara moldatuz.

Uxue Alberdik esan zuenez, Maialenek ekarpen handia egin zion bertsolaritzari, 2001eko txapelketan, bere estilo propioaren bilatze prozesuan (Himalaiatik gutun beroa, hotz iritsia). Narrazio eta zehaztasun esanguratsu txikiak erabiltzeko joera, arrazoi filosofiko eta hitz potoloen ordez.

Sorkuntza bizitzak berekin dakar hobetzeko grina eta kemena, inoiz guztiz asebeteta ez egotea, …  2005eko txapelketa nagusiko finalean, Maialen zerbaiten bila zebilen: bazekien zer ez zuen nahi (ez zituen 2001eko doinuak erabili), baina ez zekien zehazki zer nahi zuen, eta ez zen gustura ibili.

2009ko Txapelketa Nagusian txapela jantzi zuen, Joxe Agirreren eskutik, eta azken agurreko bertsoa, zapia eta txapela buruan, emakumeei omenaldia izan zen, batez ere hizkuntzaren transmisioan lan itzela egin duten, eta inoiz txalorik jaso ez duten, hainbeste emakume anonimori omenaldia.

Txapelketak bereziak dira, bertsolaritzaren jenero berezi bat direla esan daiteke, eta mesedegarri edota kaltegarri izan daitezke norberarentzat. Abagune bikaina dira pentsatzeko eta erabakitzeko nola kantatu nahi duen norberak, zer esan, zer doinu erabili, agian zer jauzi kualitatibo eman zure bertsokeran, … Aurten ere Txapelketa Nagusia ospatuko da. Maialenek gogotsu parte hartzeko asmoa azaldu zuen. Ez dago geldik, ez dago konforme, beste buelta bat haratago joateko asmoa du, egoera berriaren aurrean nola kokatu pentsatuz, barne burrukan …

Bertsolariaren urteko ibilera gogorra eta ederra da. Desgaste handia sortzen du batetik bestera ibiltzeak eta bakoitzaren karakterraren arabera, zailago edo errazago izaten da moldatzea. Maialen oso pozik azaldu zen eraman duen bideaz, eta bertsolaria izatea zorte handia izan dela adierazi zuen. Jende interesgarri ugari ezagutzen da, zure ekintzan interesa duena, zure sormena lantzen duzu denbora guztian … Une txarrak ere badira, batez ere jende aurrean akatsen batek sor dezakeen sufrimendua, eta beti besteen begi-bistan izatearen nekea, …

Bertsolaritzak adibide on bat eman dezake euskararen inguruan – batez ere euskararen erabilpenak kezka handiak sortzen dituenean -. Bertsolari elkartea ez dago kanpora soilik begira, modak nondik joko, … baizik eta bere barrena aztertu du, eta bere oinarrizko baloreengan sinetsi du.

Inguru globalizatu berrian, bertsolaritza izan daiteke euskaraz jolasteko espazioa, gazteentzat argota bideratzeko tresna, hizkuntza era erakargarrian eta efikazean erabiltzeko gune, … Bertso eskolek lan handia dute hor, eta baita eskolako klaseetan bertsolaritza txertatzeak ere bai.

Krisi ekonomikoak eta kultur aurrekontuetako murrizketak bertsolaritzan izan dezaketen eragina aztertu zen. Berez, bertso ekintzak merkeak dira, eta gainera garbi dago Euskal Herrian kultur auto-antolaketa gaitasun handia dagoela. Airoso irteteko aukera handia dugu, baina hala ere, kultur politika sendo eta ausarta behar dugu, gure hizkuntza suspertzean benetan sinesten duena.

Azken aldera, jendearen galderei erantzunez, beste puntu batzuk ere ukitu ziren: Herrialde guztietako bertsolarien arteko giro ona, pike probintzialik gabe, … Bertsolaritzak eskoletan izan dezakeen eragin positiboa … Gainera, “Bertsolari” pelikulan azaltzen den bezala, Kanadako talde bat aztertzen ari omen da, ea bertsolariek, hitzen bila, burmuineko neuronen arteko loturak indartzen omen dituzten; baina ez dago emaitzarik oraindik. Ornitorrinkus sailka ezinari buruzko azalpenak eman ziren. Apirilaren 14an Azkoitiko Matadeixen izango den  “Txori Mugariak” ikuskizunera gonbitea eginez, eta guztiei eskerrak emanez amaitu zen elkarrizketa. Jarraian eskolako gaztetxo batzuek Maialenekin argazkiak atera eta autografoak eskatu zizkioten.

Hitzak eta argazkiak: Juan Inazio Sudupe

Eman zure iritzia

*