2019 - 10 - 19

KONTUZ TRANSGENIKOEKIN

2014 Otsaila 16 Idazlea: ozabaleta · Bidali zure iruzkina 

Zer da transgenikoa? Berez, zientziaren ikuspegitik, transgenikoak ezaugarri berriak izateko material genetiko berria txertatu zaion izakia da. Elikagai transgenikoak, beraz, genetikoki eraldatutako izakiak dira, baina elikagai bihurtzeko helburu dute. Halere, gaur egun, elikagai transgenikoak barazkiekin identifikatzen dira, nahiz eta genetikoki eraldatzen diren izakien artean maiz animaliak dauden, zelulak txertatzen zaizkien txekorren kasuan bezala. Elikagai transgenikoak egun errealitate bat dira, eta zenbait enpresa multinazionalek erabiltzen dituzte etekin handiagoak lortzeko, bioteknologiaren bidez eraldatutako barazkiek ekoizpen maila garaiagoa ziurtatzen dutelako, izurriteak eta kondizio maila kaskarrak aguantatzeko ahalmena baitute.

Transgenikoen eraginak osasunean eta ingurugiroan

Gaur egun eztabaida gogorra sortu da elikagai transgenikoa ingurugiroan eta giza-osasunean eragin dezaketen ondorio kaltegarrien inguruan. Antza, transgenikoak kondizio txarretan bizirauteko prestatu egiten dituzte eta horrek intsektuen indartzea eta plaga handien sorrera ekar lezake. Baina hori ez da ekar lezaketen arazoetako bat besterik. Hona hemen genetikoki eraldatutako izakiak (transgenikoak) ekar ditzaketen ondorioen zerrenda osotua:

1. Barazki-espezie desberdinen arteko kutsadura genetikoa gerta daiteke. Frogatuta dago landatzen den eta genetikoki eraldatuta dagoen barazki batek landare basatiei txertatutako “gene arrotza” transferitzen diela, horrek ekar lezakeen kutsaketa eta ezbeharrekin (izurriteak, ekosistemaren aldaketa…). Plagizidenganako erresistentzia duten geneek, adibidez, landare basatiek jaso ditzakete zuzenean.

2. Osasunerako arriskutsuak dira. Ikerketa batzuek demostratu dutenez, antibiotikoenganako erresistentzia dakarren genea duten elikagaiek, esate baterako, giza-gorputzean dauden bakteriei transferitu diezaiokete gaitasun hau, antibiotikoenganako erresistentzia, alegia; eta horrek bakteriak gero eta indartsuago izatea ekar dezake. Osasun publikoaren aurkako arrisku argia litzateke, beraz.

3. Ez dira elikagai tradizionalen berdintsuak. Elikagai tradizionalak, milaka urtetako hautaketa-prozesuaren emaitza izanik ere, beti ingurune naturalean garatu izan dira, eta landare mota bakoitzari propioak zaizkion geneak daramatzate. Elikagai transgenikoen kasuan, ostera, arto ale batean arrain baten genea daraman ezaugarria aurkitu dezakegu.

4. Ez dute bakarrik plagen aurka egiten eta batzuetan intsektu ongarrien aurka egiten dute. Argi dago elikagai transgenikoek ekosistema aldatzeko gaitasun handia dutela.

5. “Terminator” transgenikoaren arrisku berria. Multinazional estatubatuar batek sortu duen transgeniko-mota honek, AEBtako Nekazaritza Departamentuaren laguntzarekin, barazkiek sortutako haziak “antzuak” izatea dakar. Hori dela eta, nekazariek ezin izango dituzte uzta batetik ateratako haziak uzta berrirako aprobetxatu. Halatan, haziak multinazionalei erosi beharko dizkiete berriro landatu ahal izateko, multinazionalekiko izugarrizko dependentzia sortuz. Izan ere, haziak berriro aprobetxatzeari esker, nekazari askok dirutza handiak aurrezten dituzte, eta teknika hau Hirugarren Munduko nekazal eremu gehienetan erabiltzen da, bai eta Euskal Herriko baratze askotan ere. Multinazionalek bere nahia inposatuz gero, milaka urteetan zehar nekazarien jabetza izan diren ondasunak, haziak, multinazionalen eskuetara joango dira.

Greenpeaceren gida begiratu dezakezue eta begiratu zein elikagai diren transgeniko eta zeintzuk ez. Nik neuk horixe egingo dut. Goazen osasuntsu jatera behingoz!

Konta iezadazu

Jarri zure gravatarra!