2017 - 04 - 23

DBH


Astelehena, apirilaren 3a

JESUSEN TENTALDIAK

ZERBITZATU ALA MENDERATU

EBANJELIOA: Mateo 4, 1-3

«Orduan, Espirituak basamortura eraman zuen Jesus, deabruak tenta zezan. Berrogei gau eta berrogei egunez egon zen han, barau eginez, eta azkenik gosetu egin zen. Hurbildu zitzaion, orduan, tentatzailea eta esan zion: “Jainkoaren Semea zarenez, agindu harri hauek ogi bihurtzeko»

IRAKURGAIA: Erregearen handitasuna

Bazen behin hiru seme zituen errege boteretsu bat. Bere ondorengo nor/zein izendatu erabakitzeko, lur-eremu bana eman zien bost urtean gobernatzeko. Bost urte horien buruan, aitaren ondora itzuli behar zuten, lortutako guztia erakusteko.

Abiatu ziren hirurak, bakoitza bere lekura, bost urtean “errege” izan zitezkeelako pozik. Iritsi zirenean, ordea, ikusi zuten beren lur-eremuak herri txikiak zirela eta biztanle gutxi batzuk baino ez zituztela. Gaztelu txiki bat ere ez zegoen.

-          Ziur nire anaiei aginterri handiagoak eman zaizkiela, baina erakutsiko diot gure aitari errege bikaina izan naitekeela –erabaki zuen anaia nagusiak.

Eta herriko biztanle gutxiak bildu ondoren, gerra-estrategiak irakatsi zizkien, armada txiki bat eratu eta ondoko herriak konkistatzeko.

Hala, bere erreinu txikia hazi eta zabaldu eta indartsuago bilakatu zen. Bost urteren buruan lehen baino ehun bider handi eta zabalagoa zen. Harro, lehenengo herritar haiek bilduta, printze gaztea aitarengana itzuli zen.

-          Ziur nire anaiei aginterri handiagoak eman zaizkiela; zalantzarik gabe, gure aitak errege bikaina izan naitekeen jakin nahi izango du –pentsatu zuen seme ertainak.

Eta, bere herritarrekin batera, jauregirik handiena eraikitzen hasi zen. Bost urtean gogor lan egin ondoren, jauregi eder bat ageri zen herri txikiaren gainetik. Pozik, printze gaztea aitarengana itzuli zen, bere herritar leialekin batera.

-          Ziur nire anaiei aginterri handiagoak eman zaizkiela; hortaz, herri honetako jendea oso garrantzitsua izango da gure aitarentzat –pentsatu zuen anaia txikiak.

Beraz, herritarrok ondo zaintzea eta ezer falta ez zekien arduratzea erabaki zuen. Bost urtean, herrixka ez zen asko aldatu; hainbat gauza konpondu eta hobetu ziren, baina aldaketa handirik egin gabe. Leku apala eta alaia zen. Herritarrak oso pozik zeuden printzeak  egindakoaz, eta pozik lagundu zioten aitarengana itzuli zenean.

Herriak oso pozik hartu zituen hiru printzeak. Dena zegoen prest, gainera, erregearen ondorengoa koroatzeko eta haren ohoretan festa handia egiteko. Baina aitaren ondora iritsi zirenean eta bakoitzak berak egindakoa azaldu nahi izan zuenean, erregeak ez zien hitz egiten utzi. Horren ordez, herritar apalei bost urtean nola bizi ziren kontatzeko agindu zien.

Hala, seme nagusiaren mendekoek batailetako orbainak erakutsi zizkioten eta erreinua zabaltzearren egindako ahaleginaren eta jasandako sufrimenduaren berri eman zioten. Anaia nagusia errege bikaina, ausarta eta ahaltsua izango zen, zalantzarik gabe. Herritarrak harro zeuden.

Anaia ertainaren mendekoek kontatu zuten bost urte horietan oso gogor ahalegindu zirela: goizetan soroetan, eta arratsaldean jauregi handia eraikitzeko lanetan. Zalantzarik gabe, printze hura errege bikaina izango zen, errege trebea, gauza handiak lortzeko gai. Herritarrak harro zeuden.

Azkenik, anaia gazteenaren mendekoek, lotsaz, errege apal eta praktiko haren ondoan oso zoriontsuak izan zirela esan zioten errege zaharrari. Gauza txiki askotan hobetu zuen herritarren bizimodua eta herritarrok biziki estimatzen zuten. Beharbada, ez zen izango denek espero zuten errege bikaina… baina beren herria printze hark gobernatzea nahi zutela esan zioten errege zaharrari.

Azalpenok bukatu ondoren, denek jakin nahi zuten erregeak berak jakin nahi zuena: Hiru printzeetatik, nor zegoen errege izateko ondoen prestatua?

Zalantzan, erabakia hartu ezinik, erregeak banan-banan bere herritar guztiei deitu zien. Galdera bat, bakarra, egin zien:

-          Bost urte hauetan hiru herrietako batean bizi behar izan bazenu, zein aukeratuko zenukeen?

Den-denek hirugarren herrixkako bizimodu lasai, apal eta zoriontsua aukeratu zuten, anaia nagusi biek lortutakoak harritu arren.

Eta hala, egun hartan, printzerik gazteena errege koroatu zuten. Agintarien handitasuna ez da neurtzen gaztelu, jauregi eta ondasunen tamainaren arabera, herritarren estimuaren arabera baizik.

GOGOETARAKO

Egunero bizi gara tentaldietatik hurbil. Nahi dugu boteretsu izan, besteak baino gehiago garela sentitu, lagun hurkoari jaramonik ez egin,… Beraz, tentaldi horietan erortzeko arriskuan gaudenean,… zein da gure jarrera? Horixe da garrantzitsuena. Zer egiten duzu tranpak egiteko edo laburbideak hartzeko aukera duzunean? Horiek ere tentaldiak dira. Nola jokatzen duzu halakoetan? Nor hartzen duzu, lehenengo, kontuan? Zure burua ala lagun hurkoa?

BIDEOA: Tentaciones. Un juego difícil  - Tentaldiak. Joko zaila

https://www.youtube.com/watch?v=tTvbU0dYA-w

OTOITZA

Jauna, eskerrak ematen dizkizut nirekin zarelako.
Lagun iezadazu, mesedez, bideari tinko eusten.
Ez iezadazu utzi tentaldian erortzen.
Lagundu arriskua saihesteko erabakiak hartzean zalantzarik ez izaten.

Eman iezazkidazu indarrak
gauza zailei aurre egin behar diedanean makal ez jokatzeko.


Asteartea, apirilaren 4a

JESUSEN BIDEA

BIZITZA ON EGITEN IGARO

EBANJELIOA: Markos 11, 22-24

«Jesusek erantzun: “Izan sinesmen Jainkoarengan!” Benetan diotsuet: Norbaitek esaten badio mendi honi: «Ken hadi hortik eta amildu itsasora», eta mendiari agindu diona gertatuko dela zalantzarik gabe sinesten badu, halaxe gertatuko zaio. Horregatik diotsuet: Otoitzean eskatzen duzuen edozer gauza, sinetsi lortu duzuela, eta emango dizue Jainkoak».

IRAKURGAIA

Igel-multzo bat basotik zehar zihoan eta, tupustean, igel bi zulo sakon batera erori ziren. Beste guztiak zuloaren inguruan multzotu ziren.

Zuloaren sakonera ikustean, honela hitz egin zieten zuloko igelei:

-          Egin du zuenak. Inola ezin izango zarete hortik atera.

Baina igelek ez zieten jaramonik egin eta, saltoka, biak saiatu ziren handik irteten.

Goiko lagunek oihu egiten zieten:

-          Alferrik ari zarete! Ez duzue lortuko!

Azkenik, bi igeletako batek lagunei kasu egin zien; ahalegintzeari utzi zion eta …  handik lasterrera, hil egin zen. Beste igela, salto eta salto, nekatu gabe saiatu zen zulotik irteten.

Zulo inguruko igelek oihu egiten zioten eta keinuak egiten zizkioten; sufrimendua ez luzatzeko adierazten zioten, hiltzeko prestatzeko baizik, hainbeste ahalegintzea ez zuela merezi. Baina igelak gero eta jauzi handiagoak egiten zituen eta, azkenean, ahalegin handi batez, zulotik irtetea lortu zuen.

Atera zenean, beste igelek zera esan zioten:

-          Pozten gara irtetea lortu duzulako, guk gure arrantza eta oihuez kontrakoa esan arren.

Igelak esan zien gorra zela, eta oihuak zulotik irteteko ahaleginak egin zitzan animatzeko zirela uste zuela.

GOGOETARAKO

Bizitza on egiten igarotzea egiteari eta esateari, biei, dagokie. Hitzek eragin positiboa ala negatiboa izan dezakete, nola erabiltzen ditugun. Gure hitzek pentsatu edo imajinatu baino askoz indar handiagoa dute. Mundu guztiak du bere hitzez gu animatzeko gaitasuna, gu gure helmugetarantz bultzatzeko ahalmena. Nolakoa da zure jarrera? Positiboa ala negatiboa? Optimista ala pesimista? Geure buruari behin eta berriz ezin dugula esaten badiogu, azkenean ez gara gauza izango. Ziur. Animatzen duzu jendea bere helburuak lortzen? Animatzen duzu zure burua?

BIDEOA: Efecto Pigmalión o profecía autocumplida – Pigmalion efektua edo norberak betetako profezia: https://www.youtube.com/watch?v=XwMWSUJKHYQ

OTOITZA

Eskerrak, Jauna, ni maitatzeagatik,
barkatzeagatik eta berritzeagatik;
zurekin aurrera egiten dut,
erraldoiak menperatzen ditut,
zure indarrez indartzen naiz
eta gorabehera latzenetan ere tinko eusten diot nireari.
Ematen dizkizut nire bizia, nire pentsamenduak
eta naizen guztia. Amen.

Asteazkena, apirilaren 5a

JESUSEN ADISKIDEAK
BAZTERTUAK, BEHARTSUAK ETA BEKATARIAK

EBANJELIOA: Mateo 25, 38-40

«Noiz aurkitu zintugun arrotz eta etxean hartu, edo larrugorri aurkitu eta jantzi? Noiz aurkitu zintugun gaixo edo kartzelan eta ikustera joan?” Eta erregeak erantzungo die: “Benetan diotsuet: Nire seniderik txikien hauetako edozeini egin zeniotena, neuri egin zenidaten»

IRAKURGAIA: http://www.caritas.es/noticias_tags_noticiaInfo.aspx?Id=9386

Boluntariotzaren Nazioarteko Eguna: Caritasek boluntarioen solidaritatearen indarra erreibindikatzen du elkartea eraikitzeko

[…] Manifestua. Boluntariotzaren Nazioarteko Eguna. 2016ko abenduaren 5a.

Boluntariotzaren Nazioarteko Egunean, Espainiako Boluntariotzako Plataformak solidaritatea erantzun gisa erreibindikatzera animatzen zaituzte.

Eska dezagun, banan-banan, taldean eta pertsona ahulenen interesak babesten dituzten elkarte sozialen bitartez.

Solidaritatearen indarrak benetako aberastasuna eragiten du. Errealitateak transformatzea ziurtatzen du eta injustiziaren aurkako antidotoa da, batez ere, ziurgabetasuneko garai hauetan, beldurrak azaleratzen diren eta “kanpotik datorren” mehatxuaren aurka babes-hesiak altxatzen dituzten garaietan. Oraintxe, hain justu, bake eta bizikidetzako espazioak, pertsonen neurriko espazioak, eraikitzera gonbidatzen zaituztegu.

Indibidualismoari aurre egitera, jende normal eta arruntak integratzen duen boluntariotzako giza kate honi lotzera animatzen zaituztegu. Ia 4 milioi lagun dira kate horren parte, mundua transformatzeko eta inplikatzeko asmoz.

Gure gizartean aldaketa sakonak bultzatzea lortzeko, agintari politikoei elkarte sozialei euren eguneroko lanean laguntzeko eta unerik txarretan ia inori axola ez zaizkion bazterketa-arloez arduratzen direnak babesteko eskatzen diegu.

Laguntza eskatzen dugu boluntariotza, bere eremu guztiak eta, batik bat, eskubideak eskatu eta konponbideak behar dituzten eta itxaropenari eustearren lehiatzen diren kolektiboz beteriko gizartean horrek dituen eragin terapeutikoak, ageriko egiteko.

Boluntariotza bizitzaren aurreko jarrera bat da, herritarren partaidetzaren adierazpide bat, gure gizartearen esfera guztietan egotea merezi duena. Horretarako, sektore publikoaren eta pribatuaren inplikazioa eskatzen dugu, lan solidarioa bultzatzen duen herria bere gizatasuna lantzen duen herria baita.

Boluntariotzaren Nazioarteko egunean, errealitateak transformatzera gonbidatzen zaituztegu, zuen baliabide baliotsuenaz transformatzera: denboraz.

“Boluntariotza egitea mundua aldatu nahi izatea eta aldatzea da”.

GOGOETARAKO

Askotan gogoratzen dugu behartsuaren ondoan egon beharra, baina imajinatzen duzu mundu guztia behartsuaz, gutxien daukanaz, egoera txarrean dagoenaz,… arduratzea? Batzuetan, dena ondo doanean, ahaztu egiten zaizkigu, baina horiexek dute beharrik handiena. Zer egiten duzu zuk horien alde? Pentsatu duzu inoiz GKE batean, zure parrokian,… boluntario izatea?

BIDEOA: SIROKO STORIES – Saul Craviotto: What’s behind a medal?

https://www.youtube.com/watch?v=DyTFk5N0Aww

OTOITZA

Jauna, irakats iezaguzu besteengan pentsatzen eta denak maitatzen, batez ere, inork maite ez dituenak maitatzen.

Egin gaitzazu gosez eta beharrean bizi diren anai-arrebak zerbitzatzeko duin.

Emaiezu gaur, gure eskutik, egun honetako ogia, eta eman iezazkiezu, gure karitatearen bitartez, bakea  eta poza.

Osteguna, apirilaren 6a

JESUSEN ARERIOAK: AGINTARI POLITIKOAK  ETA ERLIJIOSOAK

Jesusi, bere bizitza publikoan, egunero biltzen zitzaizkion jarraitzaileak eta beronengan sinesten zuten pertsonak. Baina Jesusen predikazioa ez zen atsegina askorentzat; lege-maisu eta fariseuentzat, esaterako. Asko Jesusen arerio handi bilakatu ziren; prest zeuden Jesusi harrika egiteko… eta hiltzeko ere.

EBANJELIOA: Mateo 9, 13

«Ez dute osasundunek behar sendagilea, gaixoek baizik. Hobe zenukete Jainkoak esandako honetaz jabetuko bazinete: Nahiago dut errukia sakrifizioak baino. Ez naiz zintzoei dei egitera etorri, bekatariei baizik»

IRAKURGAIA: Leviren banketea
Ezin da erraz deskribatu Levik, dena utzita, Jesusi jarraitu zionean zer sentitu zuen. Baina datu  batek haren poza adierazten digu: “Bazkari ederra eman zion Jesusi bere etxean. Jesusekin eta honen ikasleekin batera jende asko zegoen mahaian, zergalari eta beste”. Senide eta lagunentzako bazkari eder bat baino handiagoa zen: bankete oparoa, askorentzako jatordua, Leviren bihotz zabalduan orain mundu guztia sartzen baitzen. Mateoren poza agerikoa eta nabarmena zen eta lau haizeetara zabaldu nahi zuen.

Bankete honen aurrean, lehenengo egiten duguna: Leviren poza ikusi eta miretsi. Bihotz-zabaltasunez bizi den ororengan, gogoa pozez betetzen da. Baina, gainera, bihotz-zabaltasuna Jainkoaren deiarekiko erantzuna bada, pozak gainezka egiten du.

Lagun eta adiskideei jakinarazten ez zaien poza arraroa da, eta Mateok denei eman nahi zien bere pozaren berri. Ezin zen isildu. Ospatu nahi zuen.

“Jende asko zegoen mahaian”. Gonbidatuak jatorri ugarikoak ziren; jakingura edo ikusmina handia zen. Denek begiratzen zioten Maisuari, naturaltasunez eta adiskidetasunez jokatzen zuenari. Bere hitzak adi-adi entzuten ziren. Baina itzal batek ilundu zuen festako giro atsegina. Fariseuek eta lege-maisuek eragin zuten: Jesusen ikasleei zuzendu zitzaizkien, gero fariseu-eskandalu esan diogunaz, beste barik hipokrita esan diezaiokegun arren. Galdetu zieten: “Nolatan jaten eta edaten duzue zergalari eta bekatariekin?”. Erantzuna bistakoa da: Jesus karitatea bizitzen/gauzatzen ari zen. Baina eurek traba edo eragozpen bat aurkitu nahi zuten, gero sarritan agertuko zena: legearen interpretazio legalista eta hertsia, bekaizkeria zitalez jantzia. Ikasleek, beharbada, Maisuarekin denbora gutxi zeramatelako, ez zuten erantzuten jakin. Eta Jesusek berak erantzun zion, jendearen aurrean, gutxi haiek esaten eta denek pentsatzen zutenari: “Ez dute osasundunek sendagilea behar, gaixoek baizik; ez naiz zintzoei dei egitera etorri, bekatariei baizik, bihozberri daitezen”

GOGOETARAKO

Bazara jendeari bigarren aukerarik emateko gauza?  Bazara “bekatariei” hurreratu eta aldatzen laguntzeko gauza?

BIDEOA: https://www.youtube.com/watch?v=6TnCPIGZfwI

“Barkatzeko gai ez dena, ez da maitatzeko gai”

OTOITZA

Lagun iezaguzu, Aita, besteei barkatzen. Egunero errezatzen dugu Gure Aita esatean. Bilaka dezagun egia.

Denok batera: Gure Aita,…

Ostirala, apirilaren 7a

JESUSEN JAINKOA: SEME-ALABEN SALBAMENA NAHI DUEN AITA

EBANJELIOA: Joan 11, 25

«Neu naiz piztuera eta bizia»

IRAKURGAIA: Joan 11, 1-45

«Gizon bat, Lazaro zeritzana, gaixo zegoen. Betaniakoa zen, Maria eta honen ahizpa Martaren herrixkakoa. (Maria hau –gaixo zegoen Lazaroren arreba– Jauna ukenduz igurtzi eta oinak bere ile-adatsez xukatu zizkiona zen). Bi ahizpek Jesusi albistea bidali zioten: «Jauna! Zure adiskidea gaixo dago». Jesusek, hori jakitean, esan zuen: «Eritasun hau ez da heriotzara eramateko, Jainkoaren aintza azaltzeko baizik, beraren bidez Jainkoaren Semearen aintza azal dadin».

Marta, honen ahizpa eta Lazaro oso adiskide zituen arren, hau gaixo zegoela jakinda ere, Jesus beste bi egunez gelditu zen zegoen lekuan. Ondoren, esan zien ikasleei:

–Goazen berriro Judeara.

Ikasleek esan zioten:

–Maisu, oraintsu juduek harrika egin nahi zizuten, eta hara zoaz berriro?

Jesusek erantzun zien:

–Ez al ditu hamabi ordu egunak? Egunez dabilenak ez du estropezu egiten, eguzkiak argitzen baitio bidea; baina gauez dabilenak estropezu egiten du, ez baitu argirik.

Eta erantsi zuen:

–Lazaro gure adiskidea loak hartu du; baina banoa iratzartzera.

Esan zioten, orduan, ikasleek:

–Jauna, loak hartu badu, sendatuko da.

Jesusek Lazaroren heriotzaz esan zuen hori, baina ikasleek ohiko loaz ari zela uste zuten.

Azkenik, argi eta garbi esan zien Jesusek:

–Lazaro hil egin da, eta pozten naiz han ez izanaz, zeuen onerako izango baita, horrela sinets dezazuen. Goazen, bada, haren etxera.

Orduan, Tomasek, Bikia zeritzanak, bere ikaskideei esan zien: «Goazen gu ere, berarekin hiltzera».

Jesus iritsi zenean, jadanik lau egun zeramatzan Lazarok hilobian. Betania Jerusalemdik hurbil dago, hiru kilometrora edo; eta judu asko etorri zen Maria eta Martarengana, nebarengatik doluminak ematera. Marta, Jesus zetorrela entzun orduko, bidera irten zitzaion; Maria, berriz, etxean gelditu zen. Martak esan zion Jesusi:

–Jauna, hemen izan bazina, gure neba ez zen hilko. Baina, halere, badakit eska diezaiozun guztia emango dizula Jainkoak.

Jesusek erantzun zion:

–Piztuko da zure neba.

Eta Martak:

–Badakit, bai, piztuko dela azken egunean, hildakoen piztuerakoan.

Jesusek esan zion, orduan:

–Neu naiz piztuera eta bizia; niregan sinesten duena, hilda ere, biziko da. Eta bizi dena, niregan sinesten badu, ez da betiko hilko. Sinesten al duzu hau?

Martak erantzun zion:

–Bai, Jauna, sinesten dut zeu zarela Mesias, Jainkoaren Semea, mundura etortzekoa zena.

Ondoren, Marta bere ahizpa Mariari dei egitera joan zen, eta esan zion isilka: «Maisua hemen dun eta hots egiten din».

Berehala jaiki eta Jesusengana joan zen. Jesus artean herrixkan sartu gabe zegoen, Martak topatu zuen lekuan bertan. Orduan, hari doluminak ematen etxean zeuden juduek, Maria arin jaiki eta irten egin zela ikusirik, jarraitu egin zioten, hilobian negar egitera zihoalakoan. Mariak, Jesusengana iritsi eta ikustean, oinetara ahuspeztu eta esan zion: «Jauna, hemen izan bazina, gure neba ez zen hilko».

Jesusi, orduan, Maria eta beronekin zetozen juduak negarrez ikusirik, barruak zirrara egin zion eta, zeharo hunkiturik, esan zuen:

–Non ipini duzue?

Erantzun zioten:

–Jauna, zatoz eta ikusi.

Jesusek negarrari eman zion. Han zeuden juduek esan zuten:

–Bai maite zuela!

Baina batzuek esan zuten:

–Itsuaren begiak ireki zituen honek, ezin ote zuen hau hiltzea galarazi?

Jesus, ostera ere hunkiturik, hilobira hurbildu zen. Hartzulo bat zen, harri batez estalia. Jesusek esan zuen:

–Kendu harria.

Martak, Lazaro zenaren arrebak, erantzun zion:

–Jauna, kiratsa botako du, lau egun daramatza eta.

Jesusek erantzun zion:

–Ez dizut, bada, esan, sinesten baduzu Jainkoaren aintza ikusiko duzula?

Kendu zuten, bada, harria. Jesusek, begiak zerurantz jasorik, esan zuen: «Eskerrak zuri, Aita, entzun didazulako. Nik badakit beti entzuten didazuna; baina inguruan den jendearengatik diot, zuk bidali nauzula sinets dezaten».

Ondoren, ozenki egin zuen deiadar: «Lazaro, zatoz kanpora!»

Eta hildakoa hartzulotik irten zen. Esku-oinak oihal-zerrendaz loturik eta aurpegia zapi batez estalirik zituen. Jesusek esan zien: «Aska ezazue eta utzi joaten».

Jesusek egina ikusi zutenean, Maria ikustera joandako judu askok sinetsi zuten harengan»

GOGOETARAKO

Gu ere, askotan, ez gara ohartzen mundu honen txoko eta bazter guztietan diren egiaz, edertasunaz eta ontasunaz; halakoetan, hilotzak garela ematen du.  Halakoetan, bizirik irauten dugu, baina ez gara benetan bizi. Arrastaka goaz, bizkor joan beharrean. Etorkizuna ixten dugu, gure bihotz osoa iraganean jarri dugulako. Gu ere, sarritan, gainean lanez, zauriz eta aurreiritziz eginiko harri handi bat bagenu bezala bizi gara. Zapalduta. Gure hobitik kanpora pil-pilean dagoen bizia nabaritu gabe. Guk ere Norbaitek hortik irteteko eta bizi behar dugun bezala bizitzeko esatea behar dugu.

Gerrek, terrorismoak, biolentziak, esplotazioak, injustiziak,… biziari egiten dizkioten erasoak eta kalteak ahulenen biziaren aurka egiten diren atentatu berriek areagotzen dituzte.

Heriotzaren kultura honen aurrean, premiazkoa da kristauek, bizian sinesten dugunok, gizakien biziaren eta duintasunaren alde gogor borrokatzea eta lan egitea…

BIDEOA: https://www.youtube.com/watch?v=fvmhTXMoM9c

“Inoiz ez duzu ostadarrik ikusiko, behera begiratzen ari bazara”.
“Beti dago itxaropena”

OTOITZA

Espiritu Santua, iratzartu berriz nigan Jainkoagatik, Jainkoagan eta Jainkoarentzat bizitzeko poza.

Gure Aita,…