2018 - 11 - 17

HH – LH


Astelehena, urriaren 8a

NIRE MOTXILA PRESTATZEN DUT
DENBORA ONDO APROBETXATU

BIBLIAKO IRAKURGAIA: Erromatarrei 13, 11

«Horrek guztiak balio berezia du zein garaitan bizi garen jakinik. Izan ere, ordua da lotatik esnatzeko, sinesten hasi berri hartan baino hurbilago baitugu orain salbamena».

IRAKURGAIA

50. urtean, Txinan, nonbait, Cai Lun jaio zen. Inork ez zekien orduan mutiko honek bere asmakari handiaz Txinaren eta mundu osoaren historia aldatuko zuela.
15 urte zituela, Cai Lun enperadorearen zerbitzura sartu zen. Mutiko arduratsua eta langilea zenez, laster bilakatu zen zerbitzatu zituen enperadore guztien faborito edo begiko. Hainbat aldiz igo zuten mailaz… eta denboraz duke-titulua eman zioten.

Gortean egin zuen zerbitzaldi luzean, Cai Lun erregearen familiarentzako tresnak eta armak egiteko arduraduna izan zen. Bere interesak eta ardurak bultzatuta, asko ikasi zuen, eta gogor ahaleginduta eta lan izugarria eginda, kalitate handiko objektuak egin zituen.

Baina Cai Lun-ek historiari egin zion ekarpen handia Erregearen Familia 40 urtean zerbitzatu ondoren iritsi zen. Ordura arte, idazten zen guztia oholtxo, oihal, larru eta bestelako material garestietan geratzen zen jasoa, askotan materialok erabilerrazak eta gordetzeko egokiak ez ziren arren. Mende batzuk lehenago beste material bat egiten hasi ziren, zeharo berria, meheagoa, erabilerrazagoa: kalamuz eginiko papera. Baina kalamuzko paper hau aurkitzea zaila zen, orduko teknika bakuna zelako. Paper hau egitea oso lan nekeza zen.

Asmakari honek Cai Lun-i atentzioa eman zion. Eta berau egiteko teknika hobetzea erabaki zuen. Ikertu eta aztertu ondoren, hainbat proba egin zituen, lehengai gisa zuhaitzen enborren azala, oihal-zapiak, arrantzarako sareak,… erabiliz.

Nola? Elementu hauek guztiak, xehatu ondoren, beratzen jartzen zituen, luzaroan. Materiala beratua edo bigundua zegoenean, berriz xehatzen zuen pasta bat egiteko. Ondoren, pasta hori berotu eta molde batzuetara botatzen zuen, geruza mehe eta finak eginda. Gero, moldeok eguzkitan jartzen zituen, sikatzen.  Hala, Cai Lun-ek papera lortzen zuen; gainean edozer idazteko prest zegoen.

Cai Lun-ek bere asmakaria enperadoreari aurkeztu zionean, enperadorea izugarri poztu zen. 105. urtea zen.  Enperadoreak papera egiteko prozesua Txina osoan zabaltzeko agindu zuen. Paperaren erabilera herrialde osora zabaldu nahi zuen. Ondoren, mendeak joan mendeak etorri, asmakaria mundu guztian hedatu zen, kulturen arteko harremanak errazteko, zibilizazioaren aurrerapenerako eta denon mesederako.


BIDEOA: https://www.youtube.com/watch?v=GLIIQCSIEWY
IRUDIA
Astelehena

Bizitzak egunero oparitzen dizu 24 orduko txekea,
zeuk erabakitzen duzu nola inbertitu”.


OTOITZA

Agur Maria,…

Andre Maria, Kristauen Laguntzailea, egin otoitz gure alde

Asteartea, urriaren 9a

NIRE MOTXILA PreSTATZEN DUT

BESTEEN BEHARRAK ZEINTZUK DIREN JAKITEKO ZURT EGON


EBANJELIOA: Joan 13, 34-35

«Agindu berri bat ematen dizuet: elkar maita dezazuela. Nik maitatu zaituztedan bezala, maitatu zuek ere elkar. Honetan ezagutuko dute guztiek zuek nire ikasle zaretela: zuek elkar maite izatean».

IRAKURGAIA

Superume guztiak premiaz bildu ziren: ondoko galaxiak denetatik onena aukeratzea behar zuen, … gaiztoen aurka borrokatzeko. Baina zaila zen onena aukeratzea.

- Hara, gaiztoak ezerezteko, hormetan barrena ikusi eta justu orduantxe harrapatu behar dira –esaten zuten superikusmena zuten umeek.

- Ez horixe! Azkar ibilita bakarrik lor daiteke gaiztoek ihes ez egitea –esaten zuten superabiadura zutenek.

- Beti joaten dira hegaz. Hegaz egin gabe ezin da super onena izan –esaten zuten hegaz egiten zutenek, jakina.

- Horrek guztiak ez du ezertarako balio, indarrik gabe –erantzuten zuten superindartsuek.

… Eta, hala, luze jardun ziren eztabaidan. Baina, halako batean, ume superjakintsua agertu zen, ume arrunt eta normaltxo batekin batera. Txikia eta argala zen eta ez zeraman jantzi berezirik.

- Superume honek ebatziko du arazoa –esan zuen ume jakintsuak oso serio.

- Bai? Nola? Hori ezin da inola sinetsi. Zer trebetasun du? Indartsua da? Azkarra, akaso? Arma sekretuak ditu? Ja! Nola egingo du borroka gaiztoen kontra? –galdetzen zuten haserre.

- Hara, nik ez dakit zer egiten duen, baina funtzionatzen du –esan zuen superjakintsuk.

Denek protestatu zuten, broma zelakoan, eta berriz hasi zen lehengo eztabaida, oihuka.

Hala ere, ume arrunt hark bazuen trebetasun edo ahalmen bereziren bat, zeren, handik ordu batzuetara, superumeak ez baitziren eztabaidatzen… Txaloka ospatzen zuten denen arteko adostasuna: ume arrunt hura bidaliko zuten ondoko galaxiara.

Ondoko galaxian harrituta hartu zuten. Egia esan, inoiz ez zuten hain trebetasun gutxiko umerik ikusi… Ginera, asteak joan zitzaizkion gaiztorik harrapatu barik. Orduan, gehiago itxaron gabe, galaxiatik kanpora botatzea erabaki zuten, baina hainbeste jende joan zen hura agurtzera, ezen agintariek gauza arraroren bat gertatzen zela pentsatu baitzuten. Kartzeletara deitu zuten… eta ia hutsik zeudela erantzun zieten. Poliziak ia ez zegoela deliturik esan zien… eta deliturik ez bazegoen, atxiloketarik ere ez.

Superahalmen sekretuak berriz funtzionatu zuen.

Eta hain gaizkile gutxi zegoen, ezen Gaizkile Zentzakaitzen Elkarteak umea bahitu baitzuen, beronen trebetasun edo ahalmen bereziak nondik sortzen ziren jakiteko.

- Hara, nik ez dut ahalmen berezirik –esan zuen umeak-. Jendea hobeto egon dadin saiatzen naiz, beste barik. Ahal dudanean nire gauzak uzten dizkiet, berehala barkatzen diet, beti irribarre egiten dut,…

Gaizkileekin egon zen bitartean, hain zuzen, malabarismoak egiten, gozokiak eta besarkadak banantzen, txisteak kontatzen, zauriak sendatzen eta jatorduak prestatzen aritu zen; ahal zuen guztian lagundu zien… Eta gaizkileak hain zeuden gustura, ezen inori ez baitzitzaion bururatu gaiztakeriak egitera irteterik… Eta denak hasi ziren ulertzen ume arrunt eta normaltxo haren supertrebetasuna zein zen.

Eta umeak mundua aldatzen jarraitu zuen, gaizkilerik harrapatu gabe. Nahikoa zuen gaizkileoi hobeto sentitzen laguntzea, hauek gaiztoak izateari utzi nahi izateko. Eta hain ondo funtzionatzen zuen ume arruntaren sekretuak, ezen beste superumeei ahaztu egin baitzitzaizkien euren trebetasunak; apurka-apurka, denak ahalmen berezi berri hura erabiltzen hasi ziren. Horregatik, oraingo umeok ez duzue superahalmenik. Zertarako behar dituzue ahalmenok, denetatik baliotsuena badaukazue? Edozeini eguna alaitzeko gauza zarete! Hara, hori bai superboterea, superahalmena eta supertrebetasuna.

Baina erabili beti, ahaztu gabe. Galaxia zuen beharrean dago eta!

GOGOETARAKO

Minutu bat pentsatzeko…

Askotan, telebista ikusten dugunean, supertrebetasunak eduki nahi ditugu… Baina ohartu zara ahalmen berezi asko dituzula? Badakizu zer trebetasunek edo ahalmenek egiten zaituzte desberdin eta berezi?  Nola entrenatuko zenituzke? Beharbada oraindik ez dituzu denak aurkitu, topatu edo “deskubritu”. Zein erabiltzen duzu, zure ustez, behar baino gutxiago?


BIDEOA:
https://www.youtube.com/watch?v=snpy2owv7m8

OTOITZA

Eskerrak, Jauna,
nire familiagatik, nire lagunengatik, zuk maitasunez oparitu baitizkidazu.

Zaindu eta babes itzazu.
Jauna, eskerrak, egunero bedeinkatzen gaituzulako.

Ona zara eta zugan jartzen dugu gure konfiantza.

Amen.

Andre Maria, Kristauen Laguntzailea, egin otoitz gure alde

Asteazkena, urriaren 10a

NIRE MOTXILA PRESTATZEN DUT
ESKER ONEKO IZAN
(horretarako arrazoi asko baitago)

BIBLIAKO IRAKURGAIA: 106. Salmoa, 1

«Aleluia! Gora Jauna! Goretsazue Jauna, ona baita, haren maitasuna betikoa baita».


IRAKURGAIA

Bazen behin olagarro lotsati eta isil bat. Beti ibiltzen zen bakarrik. Lagunak egin nahi zituen, baina lotsak ez zion uzten besteekin harremanetan jartzen. Egun batean, ostra labain bat harrapatu nahian zebilela, korapilo galanta egin zuen bere garroez. Ohartu zenerako, ezin zuen zirkinik egin. Saiatu zen korapiloa askatzen, baina ezinezko kontua zen. Azkenean, ondotik igarotzen zitzaizkion arrainei laguntzeko eskatu behar izan zien, inork korapiloa eginda ikusteak lotsa gorria eragiten zion arren. Asko igaro ziren eta ez zioten jaramonik egin, baina arrain adeitsu eta sinpatiko batek garroek eta bentosek egindako nahaste hura askatzen lagunduko ziola esan zion. Lasaialdi galanta hartu zuen olagarroak korapiloa askatutakoan, baina hain lotsatia zenez, ez zen arraintxoarekin hizketan luzatu. Eskerrak eman zizkion eta azkar alde egin zuen. Gero, gau osoa arraintxo jatorraren lagun egiteko aukera galduan pentsatzen eman zuen.

Handik egun bira, olagarroak, haitz batzuetan atseden hartzen zegoela, arrain guztiak presaka igerian ikusi zituen. Harago begiratu eta arrain handi bat ikusi zuen, han inguruan jaten. Arineketan bera ere babeslekua bilatzen hasi zen…, baina ohartu zen arraintzar hura egun bi lehenago korapiloa askatzen lagundu zion arraintxoaren atzetik segika zihoala. Arraintxoak laguntza behar zuen, baina hain zen beldurgarria arrain handia, ezen inor ez baitzen hari hurreratzen ausartzen. Olagarroak, ordea, arrain txikiak egin zion mesede handia gogora ekarri eta derrigor lagundu behar ziola sentitu zuen. Pentsatu gabe, tximista baino arinago eginda, arrain handiaren aurrean jarri zen eta, hau harrituta utzi ondoren, tinta-txorro ikaragarria jaurti zion. Arrain txikia hartu eta biak arin joan ziren haitzen artera, ezkutalekua bilatzera. Hain azkar gertatu zen dena, ezen arrain handiak ez baitzuen erreakzionatzeko denborarik izan, baina laster bizkortu eta olagarroaren eta arraintxoaren bila hasi zen; biak jan behar zituen. Baina, halako batean, azkura ikaragarria sentitu zuen, zakatzetan lehenengo, hegatsetan gero… eta gorputz guztian azkenik…

Kontua zen arrain artista zela, koloreak maite zituela, … eta olagarroaren tinta ilunak alergia izugarria eragin ziola. Hortaz, arrain handitzarrak alde egin zuen handik, azkura ikaragarriz eta gogo txarrez. Alde egin zuenean, arrain guztiak joan ziren gure olagarroa zoriontzera, hain ausarta izateagatik. Orduan arrain txikiak kontatu zien egun bi lehenago olagarroari lagundu ziola, bai, baina inoiz ez zuela esker onagatik hain gauza arriskutsurik egiteko gauza zen inor ezagutu. Hau entzutean, beste arrainek olagarro lotsati eta isil hura zein jatorra zen jakin zuten… Eta ez zen inor itsaso-inguru hartan olagarro kementsu eta esker onekoaren adiskide izan nahi ez zuenik.

GOGOETARAKO

Minutu bat pentsatzeko…

Pentsatu duzu zenbat arrain sinpatiko eta jator dauden itsasoan? Olagarroak inoiz ez zituzkeen arraintxoak ezagutuko hain lotsati izateari utzi ez balio. Olagarroak ez du hitz egiteko beharrik arrain txikiarekin komunikatzeko; nahikoa du bere esker ona adieraztea. Zuzenean hitz egitea asko kostatzen bazaizu, beste aukera bat keinu atseginez, irribarrez edo “eskerrik asko” soilik esanez komunikatzea da.
BIDEOA: https://www.youtube.com/watch?v=gynCKCo5VEk


IRUDIA

Asteazkena

OTOITZA

Jauna, eskerrak ematen dizkizut egun berri honegatik.

Esango eta egingo dudan guztia izan dadila atsegin zuretzat.

Lagun iezadazu zure borondatearen arabera bizitzen.

Amen.

Andre Maria, Kristauen Laguntzailea, egin otoitz gure alde

Osteguna, urriaren 11

NIRE MOTXILA PRESTATZEN DUT
LAGUNTZA ESKATZEKO GAI IZAN

EBANJELIOA: Mateo 7, 7

«Eskatu, eta emango dizue Jainkoak; bilatu, eta aurkituko duzue; jo atea, eta zabalduko zaizue».
IRAKURGAIA

Bazen behin sorgintxo berezi bat, sorgintxo ona zelako, ona izaten jakin ez arren. Txikitatik beste sorginen errietak jasan behar izan zituen, besteak bezalakoa, gaiztoa, izan behar zuela esaten baitzioten. Gaixoak asko sufritu zuen, halakorik nahi ez zuelako. Bere sorginkeria guztiak gaizki ateratzen ziren eta, gainera, ez zuen ona izaten irakatsiko zion inor aurkitzen. Horregatik, beti zegoen triste.

Egun batean sorginek mendi handi bat sorgindu eta sumendi bihurtu nahi zutela jakin zuen. Sumendiak herri txikia errausteko balioko zien! Sorgintxo onak gaiztakeria hura eragotzi nahi zuen, baina ez zekien nola, ez zekien zer egin. Jendeari abisu emateko herrira hurbildu zenean, denak irten ziren kalera, sorgintxoari  harrika egitera. “Alde hemendik, sorgin zitala!” esaten zioten. Sorgintxoak, jakina, alde egin zuen, korrika.  Gero, bide-ertzean eseri eta negarrez hasi zen gaixoa. Bat-batean ume batzuk hurbildu zitzaizkion; sorgintxoa negarrez ikusi zutenean, hura kontsolatzen saiatu ziren. Sorginak sorgin ona zela kontatu zien, ona izaten ez zekien arren. Mundu guztiak gaizki tratatzen zuela ere jakinarazi zien. Orduan umeek ona izatea gauza erraza dela esan zioten. Besteei lagundu eta besteen alde ahalegindu. Horixe zen ona izateko modua.

-          Eta zer egin dezaket nik zuen alde?

-          Gozoki batzuk eman –erantzun zioten bizkor eta alai umeek.
Sorgintxoa tristatu egin zen, ez baitzeraman gozokirik aldean… Gainera, ez zekien gozokirik agerrarazteko sorginkeriarik… Hala ere, umeek ez zioten garrantzirik eman eta laster, jostari, beste leku batera joan ziren. Sorgintxoa, pixka bat alaiago, bere haitzulora itzuli zen, mundu guztiari laguntzeko prest. Baina, bidean, sorgin zaharrak aurkitu zituen mendia sorgintzen. Ordurako sumendi bihurtua zegoen eta sua eta laba beroa jaurtitzen hasia zen. Gure sorgin gaztetxoak hori eragotzi nahi zuen, baina ez zekien nola…, eta, hara, bat-batean, hitz magiko asko etorri zitzaizkion gogora eta ahora… eta konturatu orduko, sua gozoki bilakatu zen. Sumendiak karameluak eta txokolatinak jaurtitzen zituen. Halakorik! Denak herriaren gainera erori ziren, herritarren pozgarri. Eta halaxe ikasi zuen gure sorgintxoak ona izaten, bihotzez laguntzeko prest egonez.

Umeak laster ohartu ziren gozoki-zaparrada hura sorgintxoari esker gertatu zela… eta mundu guztiari kontatu zioten. Harrezkero, herrian inork ez zuen sorgin gaiztotzat hartu, ontzat baizik. Gure sorgintxoa mundu guztiaren adiskide egin zen, denei laguntzen zien… eta herritarrek, haren lehenengo sorginkeriaren oroipenean, Sorgintxo Gozoa esaten zioten.


GOGOETARAKO

Minutu bat pentsatzeko…

Sorgintxoak ona izan nahi zuen, baina ona izatea ez zen erraza … Gertatu zaizu zuri inoiz halakorik? On eta egoki dena egin nahi izan arren, asko kostatu zaizula? Orduan, zerk bultzatu zintuen aurrera egitera eta ondo jokatzera? Nola sentitu zenuen zure burua gero?

BIDEOA: https://www.youtube.com/watch?v=XO-7GiYuFJA
IRUDIA

Osteguna

OTOITZA

Jainkoa, Aita ona, bihotzez maite gaituzuna,
bedeinkatua zu, Ama Birjinagatik, gure zeruko amagatik.
Lagun iezaguzu, Aita,
Maria imitatuz, senide-maitasunez jokatzen,
denekin zintzo, bihotz-zabal eta errukitsu izaten.
Andre Mariak, bere semearen ikasleak,
eraman gaitzala elkarrekiko errespetuaren eta maitasunaren bidetik,
denok izan gaitezen zure bakearen zerbitzari.

Andre Maria Pilarrekoa, egin otoitz gure alde